Tribu heterodoxo bat Euskadi asaldatuan

Fernando Golvano

Horregatik, bada, zuhurtziaz jokatu nahi nuke eta, gertaeren arteko hierarkiari ihes eginez, Euskadiko trantsizio politikoaren lehen urte haietako umorea eta disidentziak zerrendatuko ditut, Euskadi Sioux aldizkariko gorabeheren zirriborro hau aitzakiatzat hartuta. Gora ekar ditzagun, beraz, urte haietako gertaera batzuk: Franco 1975ean hil zen, 1977an trantsizioko lehen hauteskunde orokorrak izan ziren eta 1979an bigarrengoak; 1978an Konstituzioa berronetsi zen (Euskadin oniritzi askorik gabe), Estatutua ondorengo urtean onartu zen (oposizio kritiko indartsu bat zuela), eta amnistiaren aldeko mobilizazioek, zentral nuklearren kontrakoek eta mugimendu sindikal, hiritar eta feministek ordura arte inoiz ezagutu gabeko indarra hartu zuten. Urte gogorrak izan ziren, batetik Estatuaren eta eskuin muturreko erakundeen zapalkuntzak eta, bestetik, ETAko adarren eta Komando Autonomo Antikapitalisten ekintzek eraginda. 1997an Deia eta Egin egunkariak jaio ziren. EIA eta EMK alderdiek EE sortu zuten, ETA pm-ren babesa zutela hauteskunde orokorretara aurkezteko. Hilabete batzuk geroago HB sortu zen, hauteskundeetan ezker abertzaleko erakundeak ordezkatuko zituen erakunde berria. Arzallus EAJren zuzendaritzan sartu zen.

1979ko urtean bizi ginen, Siouxen eta beste kultur gertakari batzuen lekuko izan zen urtean. Gogora ekar ditzagun horietako batzuk: euskarari sarbide ofiziala eman zitzaion irakaskuntzan, Bai Euskarari kanpainak era guztietako atxikimenduak lortu zituen, Paco Ibañez erbestetik itzuli zen, kulturak kantaldien saldan egosten jarraitzen zuen, euskal rock erradikala erreboltaren ikur bilakatu zen esnatzen ari zen gazteriaren zati handi batentzat, urtebete lehenago sortutako Orbegozo fundazioak euskal artearen agerraldiak antolatu zituen Euskadi osoan zehar, Bernardo Atxagak Etiopia poemen bilduma argitaratu zuen, Donostiako zinemaldia berragertu egin zen (orduan aurkeztu zen El Juicio de Burgos, Imanol Uriberen lana), Sabino Arana fundazioa sortu zen, Bilboko Udalak bultzatutako lehiaketako ipuin irabazlearen argitalpena erretzea agindu zuen Jon Castañaresek alkateak, Erreala ligako nagusi izan zen azken partidua galdu zuen arte. Zenbat gauza gogoratzeko!

Paisaje asaldatu eta programez, ikurrez eta kontsignez gainezka egindako horretan jaio zen Euskadi Sioux, satiraren ezten ezkor eta adimentsuak eta borondate ludikoaren baikortasunak bultzatuta. “Erredentzio eta salbazio asmoak bazter batean utzita”, beti ere. Zertxobait lehenago beste talde batzuk ere, adibidez Bilbon Txomin Barullo EMK alderdiak bultzatuta (1977), edo Donostiako Cloc de arte y desarte (1978), esku-hartze kaustikoaren beste adierazpide batzuk jorratzen hasiak zeuden politika-kulturaren esparruan. Jai, jolas eta umorearen giroak ia bazter guztiak irabazi zituen. Eta askatasunaren bide zabalak hartzeko irrikaz betetako gazteak ginenez –egiatan, nahi baino meharragoak ziren, baina diktadura frankistaren garaian urte bakar batzuk lehenago ezagututakoak baino askoz ere zabalagoak), antsia ludiko eta arau urratzaile hark bazituen beste bidelagun batzuk ere, besteak beste urruneko erantzukizun bat eta nolabaiteko atxikimendu ez kritiko bat ETAko adarren jardunarekiko.

Garaiko beste disidentzien antzera, Euskadi Sioux ere iragana kritikatzeko jaio zen, eta batez ere orainaldia, hau da, ezkerreko korronte batzuen seriotasun zertxobait ilun hura, adierazpide ugariko irudikari mitiko nazionalistaren berrindartzea, alternatiba iraultzaileen hizkera goratu, abstraktu eta boluntarista eta, batez ere, egunerokotasuna lurrintzen zuen sakristia zokoko usain hura, nola tradizionalistei hala aurrekoei zeriena. Nazionalismo espainolaren eta estatuaren kritikari dagokionean, ez dago esan beharrik: aurre egin zitzaien lurrez, itsasoz eta airez, eta satira baino arma gordinagoak erabilita.

Garai urduriak, euskal geografiako bazter guztiak mugida, asaldapen eta ameskeriez bete ziren garaiak, urteen harian ezinbestean aukeratu beharrak eta, nola ez, etsipen batzuek eraginda, ezerezean geratuak. Era guztietako arauak urratzeko grinak elkartu gintuen, baina aurpegi askotako sektakeriak ere kolpatu gintuen, ekimen askoren jarraipena baldintzatzeraino. Umorea eta heterodoxia ederki asko uztartu ziren Euskadi Siouxen eta Arabako zatiketaren ondorioz sortu zen Arabia Sauditaren baitan. 1979ko urtean bizi ginen, eta gazteak ginen, artistak, idazleak, argazkilariak, diseinugile grafikoak, ilustratzaileak, eskenatoki politiko eta kulturalaren asaldatzaileak: tribu heterodoxo bat Euskadi asaldatu batean. Eta horregatik agian, bere barneko kontraesanen eta paradoxengatik, Euskadi Sioux desagertu egin zen, gobernu aginduaren beharrik gabe. Guri oroitzapen barreiatuak, etenak, geratu zaizkigu urte gogor eta itxaropentsu haiei buruz. Nik aurkeztu dizuedan gertaeren lagina, hain zuzen, trantsizio politikoaren lehen urte haietan galda berotan jalgi zen konstelazio heteroklito baina sortzaile baten zatitxo bat besterik ez da. 1979an gertatu zen.